Inkesta: parke eolikoa

Bere lan-programan Adiek iragarri zuen moduan, ekainaren 23an Jesurin proiektatutako Parke Eolikoari buruzko inkesta egingo dugu. Tamaina honetako proiektu batek ondorioa izango du gure herrian eta bere etorkizunean eta horrexegatik hain zuzen ere, jakin nahi dugu zein den zuen iritzia gai honen inguruan.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu zein den Adien daukagun filosofia, gure herriarentzat garrantzitsuak diren gaiei buruz jendea informaturik egotea eta herritarrek beraiei buruz duten iritzia ematea nahi dugu.

Argi eta garbi utzi nahi dugu proposatzen dugun inkesta ez dela loteslea, ez dauka inolako legezko baliorik, kontsulta onartua izan dadin egin beharreko izapideak oso korapilatsuak dira eta denbora luze emango genuke horretan. Baina Jesuriren proiektuak azkar egiten du aurrera eta ez dugu arriskatu nahi kontsulta egiteko ditugun legezko epeak bukatu baino lehen aerosorgailuak jar ditzaten.

Halaxe da, Jesuriko parke eolikoaren izapideek aurrera egiten dute, eta oso aurreratuta daude, beraz dena delakoa inkestaren emaitza, juridikoki proiektua gelditzea oso zaila izatea gerta liteke. Baina egoera honela egonik ere, Adietik
Orozkoren ahotsa lau haizetara entzutea nahi dugu, eta antzeko kasuengatik jakin badakigu jendearen mobilizazioek imajina dezakegun baino askoz ere indar handiagoa daukatela.

Maiatzaren 22an Orozkoko herritarrek aldaketa bat eskatu zuten hautestontzietan, herritarrek beraien ahotsak entzuteko eskatu zuten eta Adiekook entzun egingo dizuegu. Horregatik, Jesurin proiektatutako Parke Eolikoari buruzko Inkestan botoa ematera eta gure herria norantza joatea nahi duzuen erabakitzera animatzen zaituztegu.

*Hutsen zerrenda: Orozkoko postontzietan banatutako dokumentuetan, “Inkesta”ren ordez “Herri-Kontsulta” deitu genion ekitaldi honi. Izen hori zalantzagarria da, kasu honetan elkarte batek eskatu behar duelako herritarren iritzia, eta ez erakunde batek. Gaizkiulerturik ez egoteko, hilaren 23an egingo dugun bozketaren izen ofiziala INKESTA da.

…………………………………………………

Egungo errealitate energetikoa

Sarrera

Energia kontsumoaren egungo eredua gizarte, ingurumen eta ekonomikoki jasangaitza da.

Gero eta energia gehiago kontsumitzen dugu, eta honek atmosferara egindako karbono igorpenek eragiten duten klima-aldaketaren ondorioz ingurumen efektuak sortzen ditu. Gainera, petrolioa agortu ahal den baliabidea da, ondorioz energia gabealdi batera iritsiko gara, hau da, erregaien prezioak izugarri igoko dira eta hornidurak huts egingo du.

Arazo honi aurre egiteko beharrezkoa da eboluzionatzea, kontsumoa txikiagotzea eta energia efizientea eta ingurumenarekiko errespetuzkoa erabiltzea.

Kontsumo energetikoak

2010ean Espainiako Estatuaren energia elektrikoaren produkzioa eskaria baino handiago izan zen eta Europako sarearen bidez esportatu eta saldu behar izan zen. Produkzio osoaren %35 energia-iturri berriztagarrietatik lortu zen. Espainiako Klima-aldaketa eta Energia Garbiaren estrategiak 2011-2020 denboraldian energiaren %20k iturri berriztagarrietatik etorri beharko lukeela ezarri zuen, dagoeneko beteta dagoen helburua.

Euskadin kontsumitzen dugun energiaren %30 produzitzen da, gainontzekoa sare estataletik inportatzen da. Zentzu honetan, Euskadi 2010 Estrategia Energetikoaren helburuak petrolioaren kontsumoa murriztean, gas naturalaren kontsumoa gehitzean, energia berriztagarrien produkzioa handitzean eta ikatzaren erabilera txikitzean oinarritzen dira.

Teknologia eolikoaren ekarpena

Teknologia eolikoak energiaren eskari osoaren %16ri erantzuten dio, baina 2010ean zehar sektoreak atzeraldi bat izan zuen, era berean 5.719 lanposturen desagerpena eragin zuena. Espainiako Estatua munduko laugarren herrialdea da instalatuta duen kapazitate eolikoari dagokionez.

Proposatutako eredu eolikoaren ordezko aukerak

  • Ez dago aurrezki-politikan oinarritzen den Energia Agentzien txostenik, haietako asko energiaren arrazoidun erabilerari baino gehiago, krisian dauden industria-sektoreen indarberritzeari zuzendurik daude.
  • Helburua eskaintza energetikoari eustea lortzea izan behar da, ez handitzea.
  • Gaur egun dauden instalazio eolikoak berrituko balira, energia gehiago lortuko litzateke eta ez litzateke beharrezkoa izango natura-gune berririk suntsitzea.
  • Miniparkeen instalazioa ezin da aerosorgailu kopuruan oinarriturik egon, produkzio elektrikoaren guneak lurraldearen plangintzetan egon behar dute jasota, sortzen duten potentziaren arabera.
  • Sektore eolikoaren krisia ezin da konpondu haizea dagoen edozein tokitan zentral eolikoak ipinita. Energia eolikoaren eskaintza arautzen ez bada, espekulatzeko modu berri bat sor daiteke.
  • Kontuan izan behar da energia kontsumituko den tokitik ahalik eta hurbilen sortzeko aukera. Honela industrialdeek beraiek dituzten beharrak asetzeko aerosorgailuak jar litezke.
  • Iturri berriztagarrietatik energia lortzeko modu guztiak izan behar dira kontuan eta gure ingurunera ondoen zeintzuk egokitzen diren aztertu.

Jesuriko Parke Eolikoaren Proiektuan emandako urratsak:

– 2007ko uztailaren 27ko Euskal Herriko agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Industria, Komertzio eta Turismo Saileko Bizkaiko Lurralde bulegoko Nagusiaren iragarkia publikatu zan Jesuriko parke eolikorako administrazino-permisoa eskatuteko.

– 2008ko apirilaren 23an Industria, Komertzio eta Turismo Saileko erabakia; bertan, Guascor S.A. enpreseak Jesuriko parke eolikorako aurkeztutako proiektua onartu zan.

– 2009ko apirilaren 29ko EHAAn Energia eta Meatze zuzendariaren iragarkia. Bertan, jendaurrean zabalduten dira Administrazino-permisoaren espedientea, onura publikorako adierazpena eta Jesuriko parke eolikoaren ingurugiro
inpaktuaren adierazpena.

– 2009an Orozkoko Udaleko hirigintza komisinoak permisoa emon auen Jesurin neurtuteko dorrea iminteko.

– 2011ko martxoaren 1ean EHAAn Ingurugiro Sailburuordearen erabakia publikatu zan. Bertan, parkea egiteko ingurugiro inpaktua aldekoa zala esan zan.

– 2011ko maiatzaren 19an Industria, Komertzio, Turismo eta Barrikuntza Saileko apirilaren 6ko ebazpena publikatu zen. Bertan, Jesuriko Parke Eolikoa instalatzea baimentzen da.

Anuncios